XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Liburutegiak eta desesperazioak

Notizia ez da notizia, ez da berria esan nahi dut, baina bai oso adierazgarria.

Nafarroako Kultura departamentuak onartu duenez, Iruñeko liburutegi publiko guztiak desastre hutsak dira: eraikinak txikiak dira, eta gaizki kokatuak daude; instalazioak ajeak jota eta txarki kontserbatuta eta ez egokituta eta, gainera, eskaintzen duten zerbitzua mugatua eta zaharkitua dago. Hori panorama.

Ez dute ezer deskubritu, liburutegiak erabili baino ez delako behar egoeraz konturatzeko, baina larriena da departamentuak udalari leportzen dizkiola gaitz guztiak, eta udalak, nola ez, departamentuari.

Jakinaren gainean ez dagoenarendako esan behar da aspaldiko borroka politikoa dagoela hiriburuan liburutegi nagusiaren kokapen berriaren inguruan eta frankotan erabili dutela harri gisa liburutegien gaia.

Desesperazioa da hitza.

Desesperazioa tarteka gauzak kontsultatzeko ohitura dugunona.

Nafarroako Liburutegi Nagusian aurten jarri dituzte lehen ordenagailuak.

Benetan diot, ez naiz ezer asmatzen ari.

Jarri dituzte ez Interneten aritzeko edo hemeroteka kontsultatzeko edo artxibatutako liburuen edizioari buruz kontsulta egiteko, ez.

Jarri dituzte bakar-bakarrik liburuen signatura hobeto kontsultatzeko.

Bi pantaila tristeak fitxero hutsak dira.

Eta ez daude 1997tik aurrera erositako liburuak.

Liburua kontsultatu nahi duzunean esertzeko tokirik ez baduzu liburutegiko gela lepo eginda dago deus ikasten ez duten ikasleez, ez dizute libururik ematen, eta egunkariak soilik begiratu egin ditzakezu.

Ezin fotokopiarik atera.

Ikusi izan dut etxetik argazki makina eraman izan duenik.

Ez dut zaurian gatza bota nahi, baina fondoen hutsei buruz bi detaile: ez dute, esate baterako, Ibon Sarasolaren Euskal Literaturaren Historia, edo Pedro Fermin Irigarairen lanak.

Liburua berriki erosia bada, ahaztu, batere logikarik ez duten katalogoetan egongo delako, ustez artxibatuta.

Errazago topatuko dizute liburudendan.

Ez da hori gaitzik duen bakarra.